Gabriel Olaizola

1891an Hernanin jaio eta 1973an hildako baxu eta koru zuzendari gipuzkoarra.

Manuel Cendoya organista hernaniarrarekin hasi zituen bere musika ikasketak. 1916. urtean Donostiako Orfeoian sartu zen eta ondoren Bartzelonara joan zen Joaquin Vehilsekin bere prestakuntza hobetzera.

Bere karrera guztian zehar hainbat lekutan abestu du, hala nola, Donostiako Arte Ederretako Antzokia, Bilboko Campos Eliseos, Madrileko Errege Antzokia, Bartzelonako Lizeoa, Palma, Oviedo, Zaragoza, Valladolid, Lisboako San Carlos Antzokia, Milaneko Scala, Napolesko San Carlo, Parmako Regio, Palermo, Venezia, Paris, Montecarlo, Marsella eta beste hainbat tokitan. Beti ere Mancinelli, Toscanini, Santini edo eta Capuano bezelako batuta ospetsuen zuzendaritzapean.

Euskal operan interesatua, 1919. urtean Donostiako Arte Ederretako Antzokian Zapirainen Txanton Piperri abestu zuen eta aldiz, 1952. urtean, Usandizagaren Mendi-Mendiyan eta Guridiren Amaya. Aldi berean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian Joseba anaiaren Oleskari Zarra opera estreinatu eta Jaime Pahissaren Marianella lanaren estrenaildian parte hartu zuen.

Bere koru zuzendari alderdiak bultzaturik, 1931. urtean Eusko Abesbatsa zuzendu zuen eta 1937. urtean, Eresoinka Korua sortu zuen Jose Antonio Aguirre lehendakariak eskaturik. Euskal Koru hau erbestean zeuden euskaldunek osatzen zuten eta Frantzia, Belgika, Holanda eta Ingalaterran abestu zuten. 1949. urtean Schola Cantorum sortu zuen Hernanin. Aldi berean, Covadongako Seminarioan, Gasteizko Elizbarrutiko Seminarioan eta Hernaniko Oblatos Eskolan kantu irakaslea izan zen.

Egin zuen grabaketen artean Vivesen Doña Francisquita zarzuela aurkitzen da.

Sojo Gutiérrez, Patricia; Sojo Gutiérrez, Patricia. Olaizola Gabarain, Gabriel. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2019. [Kontsulta data: 2019ko Abuztuaren 26a]. Eskuragarri hemen: http://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/olaizola-gabarain-gabriel/ar-126463/

OBRAS EN KLASIKART:

Mostrando los 2 resultados