Maite Idirin

maite-idirin

Bizkaiko Ugao-Miraballesen sortu zen 1943an. Herriko koralean lehenik, eta gero protesta kantuekin abiatzen da 1968ko urtean.

Horren lekuko G. Arestik eta P. Iztuetak euskaratutako Atahualpa Yupanquiren lau kanturekin egindako diska singlea daukagu .

1969an exiliora joan beharrean aurkitzen da eta Parisera joanik Auzo Latinoko Kafe antzoki batean kantatzen du gauero. Denbora horretan hiru single grabatzen ditu : Paulo Iztuetaren hitzen gainean Felix Ibarrondok musikatutakoa ; Etxepareren lau poemen gainean J.M. Arrizabalagak musikatutakoa ; eta Burgosko prozesua kantatuz abeslari berak gauzatutako lau sorkuntza abesti daramatzana.

1973an Euskal Herrira itzuliz Iparraldeko euskal kultur mugimenduan integratzen da ikastolen alde kantaldi andana eginez eta Ortziken emankizunean partaide izanez. Garai berean ere Okzitanian, Bretainian, Flandrian, Eslobenian eta Frantzian kantatuko du.

Franco hiltzean Hego Euskal Herrira kantaldiak egitera igaroko da eta bost urtez kantaldi andana egingo du. Honen lekuko bi LP grabatuz argitaratzen ditu. Binbitartean Baionako Kontserbatorioan kantu eta arte liriko ikasketak burutuz urrezko dominak lotzen ditu. Bordeleko Kontserbatorioan hobekuntza kurtsoak segituko ditu Madame Castellirekin.

Euskal Kamerata taldea sortzen du Marie-Josée Castaing, eta Begoña eta Nelly Agirre ahizpekin. Diska bat ere grabatuko dute 1987an Aita Donostia eta Guridiren kantuekin.

Laurogeigarren hamarkadan Loiolako Musika Erromantikoaren Festibalean hainbat oratorio eta kontzertu kantatuko ditu urte batzuetan Javier Bello Porturen zuzendaritzapean.

1987ean Baionako Koru Mistoa sortzean kide izango da Javier Bello Porturen alboan koristeei ahots teknika irakatsiz. Frantzia eta Espainia estatuetan eta Flandrian kontzertu bira artistikoak egingo ditu.

France 3 Telebistarentzat (Strasburg, Paris, Marsella, Bordele, Toulouse eta Euskal Herria- azken hauek Maite Barrenetxek- ) emankizun andana bat grabatuko ditu. Bere bakarlari jardunaren ondorio Euskal Kameratarekin LP eta CD bat, eta Alejandro Zabalaren piano laguntzarekin LP eta CD bat argitaratzen ditu.

ETBk Galdakoako Andra Mari elizan Haendelen bederatzi aria alemanak Euskal Kamerataren laguntzarekin grabatuko dizkio. 1992an, Filandiaren 75.garren independentzia ospakizunen karietara, Joensuun, Txillardegi pianoan laguntzaile zuelarik kontzertu bat eskaini zuen. Moskuko telebistak grabatu zuen. 2000 urteaz gero hainbat kontzertu eskaini zituen Gotzone Higuera pianojolearekin.

Azken urte hauetan R. Castrok G. Arestiren poemak musikatuz egindako kantuak eta beste hainbat poeta eta konpositorek egindakoak Alejandro Zabalaren laguntzaz grabatuak ditu eta argitaratzeke daude. Hogeitabost urtez gero zazpi Euskal Herrietan aldi jakinetan ospatzen den Kantu Txapelketaren kudeatzaileetarik da. Musika klasikoari buruzko emankizunak grabatuko ditu 1980 urtez gero Baionako Radio Adour-Navarre, Gure Irratia, eta 2005ko irailaz gero Donostiako Euskadi Irratiarentzat.

Donostiako Hamabostaldiaren karietara Sarako elizan, 2005ean, konpositore errefuxiatuen omenezko kontzertua egin zuen Alejandro Zabala pianoan zuelarik. 2008an Ugao-Miraballesko Udalak, 40 urtez abesten jarduna eskertzeko, Omenaldi Kontzertu eta Erakusketa bat egin zion. 2010ean Maitek prestatutako « Euskal Emakume Musikagileak » kontzertua ospatu zen Bilboko Eliseos Antzokian Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin laguntzarekin.

2010ean Eusko Ikaskuntzak Baionako Udaletxearekin partaidetzan urteko kultur pertsonaiaren saria eman zion. 2012an Gabon kantak izeneko CD atera zuen.

OBRAS EN KLASIKART: